Venezuelan bizi den bilbotarra: «Hemen arazo eta eraso asko egon dira»
MIKEL MORENO. VENEZUELAN BIZI DEN BILBOTARRA (Berria)
Morenok ia zortzi urte daramatza Caracasen. Pozik bizi da han, gizartean integratuta eta eguneroko politikari oso lotuta. Besteak beste, arazoen aurrean jendeak duen bizipoza miresten du Morenok.
Jakin-minak bultzatuta lekualdatu zen Mikel Moreno (Bilbo, 1981) Venezuelara. 2012az geroztik, Caracasen bizi da. Ez du baztertzen Euskal Herrira bueltatzea, baina «hainbeste» denboraren ostean «zaila» dela aitortu du. Izan ere, errotuta dago han: «Bizitza bat eraiki dut, eta, egia esan, egoera oso interesgarria da; munduan gertatu ahal diren aldaketen artean, gune zentrala da hau, eta sekulako esperientzia izaten ari da niretzat».
Zerk eraman zintuen Venezuelara bidaiatzera orain dela ia zortzi urte?
2012ko urrian etorri nintzen, Chavezek bere azkenengo hauteskundeak irabazi eta gero. Lagun batzuek hemen egiten zuten lan, nekazaritzari lotutako teknologia enpresa batean. Denbora neraman etortzeko gogoz, Venezuelako egoera gertutik ezagutu nahi nuelako, eta, eskaini zidatenean, ez nuen zalantzarik izan.
Zer zenekien zuk Venezuelaren inguruan hara joan aurretik?
Ez nuen ideia argi bat. Garai hartan ez zegoen gaur egun dagoen bonbardaketa mediatikoa, baina egia da bertako berri negatiboak heltzen zirela, autoritarismoari lotutakoak, batik bat. Nik jakin-mina nuen. Banekien zerbait ezberdina egiten ari zirela, eta egoera korapilatsua zela. Ez nintzen chavismoaren defendatzaile sutsua; banekien, ordea, AEBek eskua sartu nahi zutela, eta gertutik ezagutu nahi nuen dena.
Zerk harritu zaitu gehien hango bizimoduaz?
Dudarik gabe, jendeak bizitzeko duen alaitasunak. Ni heldu nintzenean, nabaritzen zen krisi ekonomiko bat zetorrela, eta urte hauetan argi geratu da krisi hori areagotu egin dela. Hemen arazo eta eraso asko egon dira, hala nola AEBek bultzatutako gerra ekonomikoa eta boikota. Jendeak oztopoak ditu bizimodu normal bat izateko; Euskal Herriarekin alderatuta, tarteka gauzak falta dira: elikagaiak, botikak… Zazpi urteren ondoren, asko larriagotu dira arazoak, eta, hala ere, jendeak bizitzeko alaitasun horri eutsi dio. Europako jendea imajinatzen dut hemengo arazoekin, eta zoratu egingo lirateke denak.
Nolakoa da hango bizimodua?
Oso ezberdina da. Azkenean, egia da daukagun mito hori: erritmo karibetarra existitzen da. Presarik ez dago, eta beste era batean mugitzen da bizitza. Horrek ere duten errealitate korapilatsuari aurre egiten laguntzen diela esango nuke. Maiz saiatu dira herrialdeko egoera ezegonkortzen. Aste batean estatu kolpe bat ematen saia daitezke, eta hurrengoan herrialde osoa argirik gabe utziko duen eraso teknologiko bat egin. Jendeak alaitasun horrekin egiten du aurrera beti, ordea.
Gizartean nabaritzen da atzerrian proiektatzen den talka hori?
Momentuak eta momentuak daude. Adibidez, guarimben garaian eta estatu kolpeak eman direnean, eta Guaido agertu zenean, arazoak sortu dira, noski. Mugimendu politiko horiek jenderik erradikalena atera dute kalera, eta hildakoak ere egon dira. Orokorrean, ordea, tentsio politikoa baretzen den garaietan, ez da horrenbeste nabaritzen. Jendea kexatzen da, eta arazoak hor daude, baina dena bizitzeko eta harremanak izateko modu arrunt baten barruan gertatzen da. Ni bizi naizen tokian [Caracas erdigunean dagoen herri giroko auzoa], gutxienez, hala da. Aberatsen eremura bazoaz, noski, beste zerbait esango dizute; han barnean daramate gorrotoa.
Zer nabarmenduko zenuke herrialdearen funtzionamenduaz?
Azpimarratzekoa iruditzen zait chavismoak indarrean daraman hogei urteetan herritarrei eman zaien boterea. Jendeari antolatzeko eta bere komunitatean sortzen diren arazoak konpontzeko ahalmena eman zaio. Kontseilu komunalen eta komunen bidez, gertuko arazoak tokian konpontzen dira, instituzioen babesarekin. Horretaz gain, makropolitikari lotutako mila adibide daude; jendearen ongizatea hobetu duten neurri ekonomiko asko hartu dira.
Arazorik izan duzu han integratzeko?
Batere ez. Oso erraza izan da, egia esan. Jendea oso atsegina eta irekia da. Gainera, gaur egun, atzerriko hedabideetan Venezuelaren aurka egin den kanpaina dela medio, oso kanpotar gutxi topatzen dituzu. Eta hemengoei, berdin chavista zein oposiziokoa izan, asko gustatzen zaie atzerritarrekin hitz egitea. Oso prest daude euren bizitza kontatzeko eta zurearen inguruan galderak egiteko. Gainera, kultura politiko handia dute, eta argudioak emateko eta era sano batean eztabaidatzeko gaitasun handia dute.
Nolakoa da egoera egun?
Blokeoaren eraginez, osasun sistema ez dago behar bezain ondo. Hala ere, neurriak oso goiz hartu zituzten, eta koronabirusaren ondorioz ez da apenas hildakorik egon. Konfinatuta gaude oraindik, baina egia da neurriak lasaitu egin direla, osasun larrialdia nahiko kontrolatua baitago.